FAQs

Jarduteko protokolo bera al dute nazioartean?

Europar Batasun osoan protokolo orokorra eta komuna dago substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larrietatik eratorritako arriskuaren aurreko alertan. Hala ere, zona bakoitzak jarduteko bere ezaugarriak ditu, eta horien guztien helburua da denon segurtasuna zaintzen ahalegintzea.

Nola jarriko naiz harremanetan Seguridad KIMIKArekin?

Emaila idatz dezakezu helbide honetara: kaixo@seguridadkimika.eus. Biderik azkarrena eta eraginkorrena da elkar komunikatzeko.

Zergatik eta nola sor daiteke ihes toxikoa?

Ihes toxikoa sortzeko aukerak oso urriak badira ere, erreakzio deskontrolatu batean edo ontziz aldatzen den bitartean izandako akats larri batean, arrisku txiki bat egon daiteke gasak eta lurrunak kanpora ateratzeko eta laino toxiko bat sortzeko. Laino horren portaera ezberdina izango da baldintza metereologikoen edo lursailaren morfologia kontuan hartuta, besteak beste.

Zergatik gertatzen da leherketa?

Produktu sukoiak, erregaiak edo gasak edota energia altuko produktuak (adib., bolbora) suak hartzean, presio-uhina eragiten duen leherketa izan dezakete. Leherketaren bitartez, hurbileko zonetan tabikeak eta panelak hautsi daitezke; urruneko zonetan, berriz, kristalak.

Zergatik sortzen da sutea?

Produktu sukoiak biltegiratzen edo maneiatzen dituen instalazio batean (adibidez, ibilgailuentzako erregaiak), suteak sugar eta ke handiak eragiten ditu.

Urtero milioika eragiketa egiten dira: kamioiak kargatzea, konponketak, tanga batzuetatik besteetara aldatzea, garbiketa-prozesuak eta tangak berrikustea,… Horiek guztiak xehetasunez aztertuta daude, eta sutea sor dezakeen arriskua oso txikia da; hala ere, ezer ezin daiteke alde batera utzi arriskua zero ez den bitartean. Hori dela-eta, efektuak aztertu eta ahalik eta  gehien gutxitzen ahalegintzen dira, kasu horietarako bereziki diseinaturiko jarduera-planen bitartez.

Zer dira biltegiratzeko zonak?

Produkzio-instalazioetan, bai prozesatu gabe dauden lehengaiak biltegiratzeko, bai bezeroei bidali baino lehen amaitutako produktuak gordetzeko, edota instalazio logistikoetan, beharrezkoak dira arriskuak sor ditzaketen produktuak gordetzeko lekuak izatea, betiere denbora jakin baterako gordetzeko.

Zer da prozesu-instalazio bat?

Seveso araudiak segurtasun-maila handienak eskatzen dizkie prozesuak garatzen dituzten industriei (lehengaiak produktu bilakatzen dituztenei) zein instalazio logistikoei, produktuak biltegiratu eta igortzen dituztenei, aldatu gabe.

“Prozesu-instalazioak” lanerako zona esan nahi du, transformazioa burutzen den gunea; esate baterako, findegia. Findegian, petrolioa gure eguneroko bizimodurako behar ditugun produktu bilakatzen da (gasolina, gasolioa, butanoa edo gure errepideetarako asfaltoa). Halaber, industria kimiko bat izan daiteke; adibidez, erregaietatik ateratako sufrea aberastasuna sortzen duten eta prozesu industrial askotan erabiltzen diren produktu bilakatzeko, hori egin ezean atmosfera kutsatuko bailuke.

Zergatik ezin dut joan ikastetxera haurren bila alerta gertatzen bada?

Ikastetxeek beren protokoloa dute, eta jakin badakite zer egin behar duten larrialdi bat gertatuz gero. Adingabekoek eraikinean egon behar dute; horixe da seguruena.

Nola jokatu behar dut alerta baten aurrean?

Garrantzitsuena da babesa bilatu behar duzula jakitea, larrialdia gertatu den ingurutik urruntzea eta leku batean sartzea.

  • Etxean ez bazaude, babestu arnasbideak zapi batekin edo arroparekin.
  • Sartu azkar leku seguru batean, barruko geletan.
  • Ateen zirrikituak itxi trapu hezeekin edo zinta isolatzailearekin.

Irratia entzun edo mugikorrera konektatu; horrelakoetan jokatzeko moduaren inguruko aholkuen informazio ofiziala 112 zerbitzuaren twitter ofizialean edo  gure Twitterrean (Seguridad KIMIKA) argitaratzen da.

Zer-nolako prozedurak burutzen ditu 112ak larrialdi kimikoaren alerta jasotzen duenean?

Larrialdi kimikoaren alerta gertatzen bada, 112 larrialdi-zerbitzuak departamentu guztiak koordinatzen ditu, eta ahalik eta modurik arinenean egin beharrekoak egiten ditu. Agintariek, megafoniaren edo irrati- eta telebista-etxeen bidez zabaldutako abisuen bitartez, larrialdi bat gertatu dela ohartaraziko dizute. Alerta amaitutakoan ere, modu berean jakinaraziko dute. Halaber, 112 zerbitzuak segurtasunari buruzko  beharrezko informazioa eskaintzen die herritarrei, mota horretako istripuak izan ditzakeen arriskuei aurre egin ahal izateko.

Larrialdiaren aurreko segurtasunaren 5 topak

Zure posta elektronikoan jaso nahi duzu arrisku kimikoko larrialdiaren aurrean segurtasuna mantentzeko moduaren gaineko informazio interesgarria?

Harpidetu zaitez gure newsletterrera.

Zure telefonoa eman nahi diguzu? Soilik zurekin harremanetan jarriko gara larrialdi bat gertatuz gero.